Euskararen Eguna

 

Guraso agurgarriok: 

Dakizuenez, urtero, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, ikastetxean hainbat ekintza antolatu da, baina denon inplikazioa garrantzitsua deritzogunez gero, lerro hauetatik zuen ekarpena eskatzera gatozkizue. 

Ikastetxeak urte osoan dihardu  hizkuntzaren normalkuntzan lanean. Horretarako Hizkuntza Normalkuntza Batzordea (HNBa) osatu genuen eta zenbait guraso, irakasle, zuzendaritza arduradun, langile ez-irakasle eta ikasle lankidetzan ari gara. Ulibarri programaren barruan lan egiten dugu. Eta  gure eskola-komunitatea osatzen dugun guztion partaidetza, ezinbestekoa dela uste dugu Euskarak behar duen tokia hartuko badu. 

Beraz, zuek ere, gurasoek, lagun dezakezue zeregin horretan eta ondoren hainbat iradokizun proposatu nahi dizkizuegu ahal duzuen heinean aurrera eraman ditzazuen; ez Euskararen Nazioarteko Egunean soilik, baizik eta urte osoan: 

  • Seme-alaben aurrean edozein egoeratan euskaraz egin, horrela gure hizkuntzaren erabilgarritasuna eta balioa erakusteko. Gurasoek Euskaraz ez badakizue edo gutxi badakizue, ekiozue dakizuena erabiltzeari. Horrela, zuen seme-alabak Euskara ikastetxeko eremua gainditzen duen hizkuntza badela jabetuko dira. Bide batez, jakinarazi nahi dizuegu euskaltegiek hainbat ikastaro antolatzen dituztela eta erakundeek (udaletxeek…) diru laguntzak ematen dituztela, eta ondorioz, oso merkeak direla.
  • Bultza itzazue zuen seme-alabak familiako kideekin zein lagunekin Euskaraz egitera, eta halakoetan azpimarratu ongi ari direla. 
  • Murgil zaitezte euskal kulturan, zuen inguruan antolatzen diren emanaldi, ekintza eta abarretan parte hartuz. Horren haritik, Durangon abenduan egingo den Euskal Liburu eta Diskoaren Azoka bisitatzeko aukera ezin hobea duzuela gogorarazi nahi dizuegu. 
  • Ipuin, liburu, bideo, bideojoko, eta antzekoak aukeratzekoan, har itzazue Euskaraz; eta saiatu etxean irrati, telebista eta interneten Euskarazko programazioak eta edukiak erabiltzen. 
  • Bide batez, HNBan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Kontaktuan jartzeko 943422427ra deitu eta Blanka Andonegirekin hitz egin dezakezue. Anima zaitezte!

Besterik gabe, besarkada bat.

 

 

HIZKUNTZA NORMALKUNTZA BATZORDEA 

 

 

Informazio gehiago

943 422 427

This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.