Osatu.

 

  

Osatu, Proiektu Hezitzaile Solidarioa da, Eskolatze Programa Osagarriko ikasleek kudeatu eta garatutakoa, GKE edo giza-talde behartsuenei laguntzen diharduen entitate baten laguntzaz.

Modu dinamikoan, eta sortzen doazen arazo errealei erantzunez, oinarrizko formakuntzako materia bakoitzari lotutako konpetentziak eskuratzeko diseinatua. Horretaz gain, Lanbide Heziketan sakontasun handiagoz ikasiko dituzten Merkataritza zein Administrazio arloak ezagutzen joateko baliagarria da. 

Ikasleen autoestimua eta izpiritu solidarioa sustatzen ditu, ekintzaile izaera, talde-lana eta inplikazio pertsonalarekin batera.

 

 

EZ GAUDE BAKARRIK

  Zenbait GKE edo elkarte solidariok egitasmoarekin modu aktiboan kolaboratzen dute.

  SENTSIBILIZAZIOA

  Sufritzen duen giza-talde batengana hurbiltzen dira (beraiek aukeratutakoa); beraiekin konektatzera iritsi arte, sentiberagoak bihurtuz eta enpatia garatuz. 

 

 

 ZEHAZTASUNA

Ikasleek azoka txiki solidario bat antolatuko dute, bertan lortutako irabaziak aukeratutako proiektuari bideratuko zaizkiolarik. Merkatuaren azterketa egin ondoren (erosketa asmoak, balizko lehiakideak…), fabrikazioaren arduradunak dira (euren gustu eta gaitasunak oinarri, eta ingurugiroarekiko begirunez), baita salmentarena (prezioak finkatu, postuaren dekorazioa, salmenta tekniken erabilpena…) eta behar diren komunikazioa eta harremanena ere (sentsibilizazioa, baimenak, promozioa…). 

 

 

EGITASMO GLOBALA

Ikasgai guztiek, oinarrizkoak zein arlo profesionalarekin lotuak (Merkataritza eta Administrazioa), dute lekua bertan. 

Eguneroko errealitaterekiko hurbilago dagoen ikasketa prozesua da, eta ebaluazioa egiteko tresna egokiagoa.

Osatu, izenak aditzera ematen duen bezala, osagai ezin-hobea da konpetentzia gakoak eskuratzeko.

Etimologia aintzat hartuz, sendatu ere esan nahi du; eta, zentzu horretan, bere aletxoa jarri nahi du gizarte osasuntsuago baten eraikuntzan, non gure ikasleek (gure gazteek) zeregin garrantzitsua izan dezaketen.